Zergatik ezkutatu behar dira emakumeen titiburuak, eta gizonenak ez?
http://www.argia.eus/blogak/onintza-irureta/2015/05/15/zergatik-ezkutatu-behar-dira-emakumeen-titiburuak-eta-gizonenak-ez/
Duela ez hainbeste, Amerikako Estatu Batuetan adibidez, gizonek eta emakumeek, biek, zuten debekatuta hondartzan bular-muturrak erakustea. Irrika gehiegi eragiten zuten. Gaur egun, izaera sexuala emakumeenek baino ez dute mantentzen.
Bideoko emakumeak bere buruari galdetu dio zergatik aldizkarietan, filmetan eta egunerokoan emakumeen titiburuak ezkutatu behar diren. Gizonen paparrak biluzik ikusten ditu bazter guztietan. Kalera atera eta estatubatuarrei galdetu die ea zer iritzi duten horri buruz, eta hainbat emakume bular bistan ibili dira herritarren erreakzioak ikusteko.
Hainbat gizoni galdetu die ea zer gertatuko litzatekeen emakumeak titiburuak bistan direla ibiliko balira kalean. Haien ustez, kontzentrazioa galduko lukete gizonek, tentsioa sortuko litzateke edo begiak titiburuetatik kendu ezinik ibiliko lirateke.
1934an, Clark Gable aktore estatubatuarrak zalaparta sortu zuen, filma batean alkandora kendu zuelako. Urte haietan ez zen ohikoa gizonek bularraldea erakustea. 1930eko hamarkadaren bukaerarako aldatu ziren kontuak. Gizonen titimuturrek objektu sexual izateari utzi zioten eta hondartzan lasai ederrean ibili zitezkeen gizonak gerrirainoko bainujantziarekin. Ez zen gauza bera gertatu emakumeekin. Gaur egun, AEBetako ia estatu guztietan legala da emakumeek hondartzan bularrak erakustea, gutxi batzuetan debekatuta dago eta hainbatetan zalantzazkoa da legea. Dena dela, gauza bat da legala den ala ez, eta bestea bataren eta bestearen bular-muturrei zein begiekin begiratzen diegun.
Azken orduko berria: Picassoren Las mujeres de Argel enkantean saldu dute, 157 milioi euroren truke. Lau emakumeren bularraldeak biluzik agertzen dira margolariaren pinturan. Bada, AEBetako Fox 5 telebista kateak koadroko titiburuak lausotuta eman du albistea.