Internet proletarioa

http://www.argia.eus/blogak/ignazio-aiestaran/2015/05/01/internet-proletarioa/

Google-Aiestaran
Informazio-autobideetan Google korporazioak bertze enpresen konkurrentzia errekaratu zuen. Amerikako Estatu Batuetako Merkataritza Batzorde Federalaren txosten baten arabera, Googlek bere bilatzailearen emaitzak desbideratu eta aldatu zituen modu artifizialean bere zerbitzu eta interesak sustatzeko asmoz, hauta lehiakorren kalterako.

 

Googleko gailuan datuak bilatzen ditugunean, informazioa eman ez ezik, enpresa honek egiak ekoizten eta sortarazten ditu –bere azken saioetako batean Boris Groys kritikariak ongi hausnartu duen eran–, hizkuntza deseraikitzeko makina metafisiko baten modura jotzen baitu Googlek, hitzen gramatika eta litezkeen usadioak testuingurutik kanpo utziz. Haatik, Jacques Derridaren estrategia idealistan ez bezala, deseraikitze algoritmiko hau ez da infinitua eta mugagabea, zedarritua eta korporatiboa baizik.

Facebook, Twitter eta YouTuberekin guztiok artista askeak sentitzen gara, guztiok irudiak, bideoak zein testuak produzitzen eta erreproduzitzen ditugu, gure gorputzen mugak gainditu ezin baditugu ere, gure gorputz mugatuek ezin baitute dena ikusi, entzun zein irakurri, gure denbora finitua dela kontuan izanik. Hori dela bide, hardware kapitalistaren eta software komunistaren konbinazioarekin bat etorri da Internet: sareetan datuak sortarazten edo bizitzak jartzen dituzten eduki ekoizleak zabaltzen dira, mozkin errentagarrienak elkarrekiko gorputz komunek bereganatzen ez badituzte ere, ekoizpen birtual eta biraleetan euskarri edota bitarteko materialak kontrolatzen dituzten korporazioen menpe geratzen direlako. Hori dela kausa, XIX. mendean sorturiko lan-proletarizatzearen prozesua bete du Internetek, Boris Groysen aburuz. Dena ez da dohainik mundu sinboliko teknologiko honetan.

 

Bukatu baino lehen, bertze oharpen bat gehituko nuke, Banksyren ondorengo garai hipermodernizatu eta hipermerkantilizatu honetan, non Pier Paolo Pasoliniren ipurtargiak eta Rachel Carsonen txantxangorriak akabatzen dituzten. “Sobiet eta argindarra” izan zen boltxebismo klasikoaren aldarri teknologikoa. XXI. mendeko kapitalismoarena, antza, “Kapital birtualak eta Internet” dugu ikurritzat, gorputzen ordena paleoliberal-neoteknologikoan.

 

Sareak-Aiestaran

Leave a Comment

*