http://www.argia.eus/blogak/mikel-garcia/2015/04/20/super-heroi-neskarik-ez-dutela-merkaturatzen-mutilek-ez-dituztelako-nahi-ama-batek-jasotako-erantzuna/
Big Hero 6 filmeko pertsonaiak seme-alaben kuttunak direla-eta, pertsonaiekin kuxinak egiteko oihala erostera joan da Veronica estatubatuarra. Baina hara, Springs Creative oihal-enpresa handian (10 milioi metro oihal ekoizten dituzte urtean) Big Hero 6 taldeko bi pertsonaia falta dira.
Bai, asmatu duzu: Honey Lemon eta GoGo super-heroi neskak dira inongo oihal puskatan ageri ez direnak. Konpainiari eskutitza idatzi zion Veronicak, kexu.
“Aj, neskak! Ze nazka!”
Enpresatik erantzun zioten 5-12 urte arteko mutilak direla filmaren audientzia nagusia (bigarren maila batean 5-12 urteko neskak eta nerabeak). Hortaz, “produktua bereziki mutilei zuzenduta dagoenez, pertsonaia nagusietan edo mutilak diren pertsonaietan zentratzea erabaki genuen. Ikusi izan baitugu zenbait mutilek ez dutela nahi neskak diren pertsonaiarik euren gauzen artean (aj, neskak! Ze nazka! Kar, kar)”. Jatorrizkoan: “(eeeww girls! Yuck! Haha)”.
Berriz ere enpresari idaztea erabaki zuen Veronicak: “Lehenik eta behin, Big Hero 6 da. Ez Big Hero 4 eta beste bi. Emakumeek ere lekua dute mundu honetan (…) Zuen fabrikako diseinuetatik emakumeak kenduz, mutilei esaten diezue ongi dagoela pentsatzea neskak nazkagarriak direla, mespretxagarriak eta mutilak baino gutxiago. Eta neskei esaten diezue mespretxagarriak direla, ez direla desiragarriak eta ez dela cool-a azkarra izatea, norberarengan konfiantza izatea (…) Eta konbentzituta nago ez duzuela ez mutilen ez nesken eragozpen handirik aurkituko heroi GUZTIAK irudikatzeagatik”.
Emakumezko pertsonaiak, maiz baztertuak
Nahi duenak Springs Creative konpainiari idazteko argibideak eman dituzte Pigtail Pals blogean eta nabarmendu dute ez dela gertaera isolatua. Sarri, merkatuak emakumezko pertsonaiak baztertzen dituela diote: Star Wars, Toy Story, Jake & Never Land Pirates edota Paw Patrol horren adibide. Argudiatzen diren arrazoi nagusiak, fabrikatzaileak sinetsita daudela mutilek ez dituztela neskak nahi euren gauzen artean, eta uste dutela neskek printzesetan eta modan baino ez dutela interesik.
Euskal Herrian ere, marketin sexista
Gurean izan dugu antzeko kasurik: herritar ugarik gutuna idatzi zion Susaeta argitaletxeari,Neskentzako ipuinak eta Mutilentzako ipuinak liburuak salatuz. Marketin sexista erreportajean bildu zuen afera Estitxu Eizagirrek.