Aktibismo sortzailearen nazioarteko jardunaldiak Donostian

http://www.argia.eus/blogak/lander-arbelaitz/2015/03/18/aktibismo-sortzailearen-nazioarteko-jardunaldiak-donostian/

“Gaizkiarekin nola amaitu” jardunaldien bigarren edizioa antolatu dute martxoaren 25etik 28ra, Donostiako Guardetxean. Aurkezpenak eta tailerrak izango dira lau egunetan “krisi orokortu honetan jarduteko modu berriak pentsatzeko”. Lehen edizioa Bartzelonan egin zuten 2012an eta oraingoan ere nazioarteko ekintzaileak lotu dituzte egitarauan.

Lehen bi egunetan, 25 asteazkenean eta 26 ostegunean, 19:00etatik 22:30era konferentziak antolatu dituzte. Ostiral eta larunbatean egun osoko tailer praktikoak izango dira 11:00etatik aurrera. Jardunaldiak doan dira, egitarau osoa hemen kontsulta daiteke eta tailerretan parte hartzeko izena eman behar da. Norbanako eta herri mugimenduei zuzendua da.

Enmedio kolektibo kataluniarrak eta Kepasakonlakasak antolatu dute, Guardetxea Banda Bat eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

“Geroz eta hobeto bizi beharrean, geroz eta bakartuago gaude, hautsiago, gure artean geroz muturtuago. Langabeziak eta zerbitzu publikoen pribatizazioak amaierarik ez duela dirudi. Banku eta enpresa multinazionalek gero eta diru gehiago irabazten dute, eta mileuristak oso pertsona zortedunak bihurtu dira. Hori gutxi balitz, orain hilabete batzuk Mozal Legea bota ziguten gainera, politikarien politika ez den guztia zirkulaziotik ateratzeko asmakizuna”, diote antolatzaileek. “Gure erraminta kutxa irekitzeko arrazoirik ez zaigu falta”.

Mugikorra lotu eta airetik irudiak grabatzeko droneak egiten azalduko dute, besteak beste.

flone

Gan Golan (AEB):

Ekintzaile hau hainbat saltsatan ibilia da. Egun Occupy Wall Street mugimenduan dabil, baina aurretik multinazional handiek zergak ez dituztela ordaintzen salatzeko ekintza ikusgarriak egina da. Adibidez, Tax Dodgers beisbol talde faltsua.

G.I.L.A. Grupo de Intervención de Lavapiés (Espainiako estatua)
Ironiaz beterik ekintzak egiten dituzte botere finantzarioaren aurka. Ondorengo bideoan adibidez, bankuen kutxazain automatikoetan txartela sartzeko lekuan zentimo batzuk botatzeko eskatzen dute.

My Dads Strip Club (Ingalaterra)

Kontsumismoaren eta publizitatearen aurkako ekintzak egiten dituzte.

urban-decay-prisoners

Enmedio (Herrialde Katalanak)

Antolatzaileak dira eta etxegabetzeen mugimenduarekin oso lotutako ekintzak egiten dituzte. Beren webgunean hainbat ekintza daude kontsultagai. Nabarmenetakoa Bankian festa egin zutenekoa jendeak kontua ixten zuenean.

Andrew Boyd (AEB)
Umorista eta kanpaina politikoen sortzailea. Billionaries for Bush kanpainaren sortzailea. Beautiful Trouble liburua aurkeztuko du, gerrila komunikaziorako taktika eta estrategien bilduma bat.

Enrique Flores (Espainiako estatua)

Mugimendu sozialei buruzko lanak egiten dituen ilustratzailea. Cuaderno de Sol lanaren egilea.

The Laboratory of Insurrectionary Imagination (Erresuma Batua/Frantziako estatua)