Etxerako lan gehiago ikasleei, datorren ikasturtetik aurrera?

http://www.argia.eus/blogak/mikel-garcia/2015/03/16/etxerako-lan-gehiago-ikasleei-datorren-ikasturtetik-aurrera/

Hurrengo ikasturtetik aurrera EAEko eskoletan irakatsiko den curriculuma prest du Eusko Jaurlaritzak. Edukiez gain, konpetentziak lantzen dituzte ikasgeletan, eta kontuan hartuta LOMCEk dakartzan kanpo-ebaluazioek markaturikoa ere barneratu beharko dutela ikasleek, eskola-ordu berdinetan hainbeste gai eman beharrak eragin dezake etxerako lan gehiago bidaltzea irakasleek.

"Haur osoak nahi ditugu, erlaxatzeko eta ume izateko ere denbora izango dutenak".

Izan ere, materia guztia emateko ikastorduak nahikoa ez direla izan ohi da etxerako lanak bidaltzeko irakasleen argudio nagusietakoa. Sarri irakasleak ez direnez euren artean koordinatzen, azkenerako ikasgai ugaritako ariketa eskerga darama haurrak etxean egiteko, txikitatik gainera. Eta etxean ez bada, “soluzio” azkar bilakatu diren eskolaz kanpoko akademiaren batean egingo ditu, haur edo gazteari denbora kenduz hain hezigarria den aisialdirako, bestelako jarduera eta aktibitateez gozatzeko, lagun eta senideekin ordu gehiago igarotzeko, ariketa fisikoa egiteko…

Etxerako lanei planto

Ez da eztabaida berria. Ikastetxetik bidalitako etxerako lanei planto egitera deitu izan du Frantziako Estatuko guraso elkarte handienak (FCPE), etxerako lanek onurarik dutenik ez dagoela frogatuta eta etxean laguntza jaso dezaketen eta jaso ez dezaketen haurren arteko ezberdintasunak handitzen dituela argudiatuta.

Aldekoek diote independentzia, ardura, autodiziplina eta ikasketa-ohiturak bultzatzen dituela. Bizitzarako prestatzea helburu duten konpetentzia integralek gero eta garrantzi handiagoa duten garaian, ordea, ongi legoke aztertzea zein motatakoak diren etxerako lanak, eta ez ote diren maiz ariketa errepikakor eta memoristikoak izaten.

Etxerako lanen kontra daudenen diskurtsoa ederki jasotzen du Alfie Kohn irakasle eta gurasoak, The homework myth (Etxerako lanen mitoa) liburuan: estresa sortzen dute, ez die uzten haurrei beste arlo batzuetan garatzen, etxerako lanekiko umeen interes faltak eskolarekiko eta orokorrean ikastearekiko jarrera ezkorra eragin dezake, eta haurraren jakin-mina amatatzeko arrazoi nagusia dira, besteak beste. “Guk haur osoak nahi ditugu, sozialki, fisikoki eta artistikoki garatuko direnak, eta erlaxatzeko eta ume izateko ere denbora izango dutenak”, dio Kohnek.

Irudian, Alfie Kohn.

Comments
Leave a Comment

*