http://www.argia.eus/blogak/estitxu-eizagirre/2015/03/09/jule-goikoetxea-biltzen-hasia-da-feministen-estatu-kontseilua-lobby-feminista/
Info7 irratian elkarrizketa mamitsua egin zion martxoak 5ean Eider Olazar esatariak, Jule Goikoetxea zientzia politikoetako irakasleari. Hemen duzue osorik entzungai. Bertako pasarteak dira ondoren irakur ditzakezunak.
Estatuak definitzen du zer den emakumea, zer den gizona?
Estatua da “ahalmen politiko handiena duen instituzio multzoa”. Noski behar dugula estatua euskaldunok. Zergatik? estatua badaukagulako! Espainiako eta Frantziako estatuak dauzkagu, beraz, kontua ez da estatua nahi dugun edo ez. Kontua ditugun estatu horiek nahi ditugun edo bestelako estatu bat nahi dugun. Estatuak ezer sortu baino, egiten duena da birsortu. Gizonez eta emakumez ezaugarritutako gizarte bat, estatuak egiten duena da era eraginkorrean gizarte hori birsortu. Beste era bateko praktikak jartzen baditugu, gizon eta emakumeen arteko mugak lausotuko dituztenak, eta are gaindituko dituztenak, eta estatuko boterea baldin badaukagu, orduan eraldaketa hori birsortzeko ahalmena izango genuke. Horregatik, gizartearen araberakoa da estatua.
Borroka ideologikoa da gakoa estatua edukiz betetzeko?
Gure gizartea patriarkala eta kapitalista da, hori da birsortzen duena estatuak. Duela 40 urte indar korrelazioa ez zen bera, neoliberalek mendebaldean ez zeukaten gehiengo absolutua. Horregatik lortu zen bere garaian ongizate estatua, demokratizazio zabala hainbat eta hainbat eremutan… Orain ideologia hegemonikoa da neoliberalismoa, hau da, kapitalismo basatia. Zer egiten du estatuak? Kapitalismo basati hori oso era eraginkorrean birsortu: eskubiderik gabe utzi, janaririk gabe, etxebizitzarik gabe… Estatua berez ez da ez txarra ez ona: gakoa da zer ideologiak duen hegemonia estatu horren barruan. Horregatik egin behar dugun lehen gauza da, hegemonia feminista bat sortzen joatea, ahalik eremu gehienetan. Estatugintza egunero egiten dugu, baina estatu formala lortzen dugunean askoz indar handiagoa eduki dezan ideologia feministak. Zeren nagusi den ideologiaren arabera, estatu horrek birsortuko du ongizate gehiago guztiontzat edo gizon zuri aberatsentzat.
Euskal estatuak batez ere feminista izan behar duela esan izan duzu. Zergatik?
Feminismotik egin behar da euskal estatugintza. Gure ekonomia politikoa, gure sistema produktiboa, gure sistema fiskala… dena egin behar da ikuspegi feministatik. Feminismoa da egun dagoen ideologia iraultzaileena, kritikoena eremu guztietan -ez soilik sozialean- (kulturalean, politikoan, ekonomikoan…), eta feminismoa da egungo mugimendu integratzaileena. Kritika egiten dielako botere harreman guztiei. Botere harremanak ez dira sekula neutralizatuko: botere harremanak ezin dira deuseztatu, beti egongo dira. Gatazka beti egongo da, eta eskerrak, bestela ez legoke aldaketarik. Kontua da nola antolatuko ditugun botere harremanak eta haiek dauzkaten ondorio estrukturalak nola murriztuko ditugun. Hori da kontua. Horretarako nahi da estatua, eta boterea, oro har. (gehiago…)