Ama izateko heldu, abortatzeko gazteegi

http://www.berria.eus/paperekoa/1753/012/001/2015-02-21/ama_izateko_heldu_abortatzeko_gazteegi.htm

ACAI elkartearen arabera, medikuntzan salbuespen litzateke 16 eta 17 urteko emazteek gurasoen baimena eskatu behar izatea abortatzeko. Jakinarazten ez dietenek, gainera, arrazoi larriak izaten dituzte, eta kalte eginen lieke lege aldaketak.

Erreforma osoa ezin izan du aitzina eraman, baina adingabeei abortatzeko aukera mugatzeko pausoa eman du PPk: egin berri duen lege proposamena onartzen badute, hain zuzen, 16 eta 17 urteko emazteek gurasoen baimena beharko dute haurdunaldia eteteko. Eta hori gertatuko balitz, abortua salbuespena izanen litzateke, osasun arloan adingabeek har ditzaketen erabakiei begiratuz gero. Izan ere, 16 eta 17 urtekoek ez dute gurasoen baimenaren beharrik, adibidez, kimioterapia hartzeko. Hala azaldu du Francisca Garciak, Espainian abortuak egiten dituzten kliniken ACAI elkarteko kideak. Medikuntza ebakuntza ugari gurasoen baimenik behar izan gabe egitea ahalbidetzen duen neurri hori 2002tik dago indarrean, Pazientearen Autonomiaren Legeari esker. «Haren arabera, 16 edo 17 urteko emakume batek kimioterapia har dezake, edo tratamendua hartzeari uko egin, gurasoen oniritzirik behar izan gabe; esterilizazio bat egin dezake, operazio bat… Gai gehienen inguruan erabaki dezake: erabaki dezake ama izatea ere, baina ez izatea, ordea, ez».

Abortua teknikoki nahiko interbentzio «erraza» dela argitu du ACAIko presidenteak, eta, beraz, erabakia mugatzeko nahiaren gibelean argudio morala baizik ezin dela egon. «Kimioterapia hartzera edo tronpen lotura egitera 17 urteko emazte bat bakarrik joatea ez zaie axola; aldiz, abortatzera bakarrik joatea, bai. Ideologiaren alorretik baino ezin da ulertu moral bikoitz hori».

Gainera, gurasoei erraten ez dieten andre horiek, normalean, ez dira hala nahi izaten dutelako joaten bakarrik abortatzera. «Laguntzeko inor ez duten familia batzuetan bizi dira. Ezin da asmatu existitzen ez den errealitate bat». Estigma ere handia dela uste du Garciak, baina ez bakarrik adingabeengan: «Abortua estigmatizaturiko osasun praktika bat da, oro har». Horren erakusle, azaldu du kasu gehienetan abortatzen dutenei laguntzera, gurasoen ordez, «bertze emakume batzuk» joan ohi direla. Edo bertzela, bakarrik joaten direla.

(gehiago…)

Estilo eta kulturen gurutzaketa

http://www.berria.eus/paperekoa/1935/033/001/2015-02-21/estilo_eta_kulturen_gurutzaketa.

Hogei ipuin kontalari ariko dira Ahoz Aho jaialdian.

Ordizian eta Tolosan izango dira emanaldiak

Antolatzaileak eta erakunde babesleen ordezkariak, atzo, Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiaren aurkezpenean.

2015-02-21 / Juan Luis Zabal

Intujai Teatro konpainiak antolatuta, hogei ipuin kontalariren emanaldiak, bi ikastaro, solasaldi bat, lehiaketa bat eta ahozkotasunaren gala bat eskainiko ditu, besteak beste, Ahoz Aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiak, otsailaren 27tik martxoaren 21era bitarte, Tolosan eta Ordizian (Gipuzkoa). Hogei ipuin kontalari eta artistak hartuko dute parte; horietako sei kanpokoak dira, eta gainerako hamalauak, Euskal Herrikoak. Kanpoko kontalariek Kuba, Bulgaria, Kolonbia, Katalunia, Azerbaijan eta Japoniako ipuinak ezagutzeko aukera emango dute.

Jaialdiko emanaldietako asko doan izango dira, eta sarrera ordaindu behar den kasuetan oso merkea izango da. Ipuin kontalaritza ez dela inondik ere soilik umeentzako ikuskizuna gogorarazi dute antolatzaileek, eta emanaldietara adin guztietako ikusleak elkarrekin joateko gomendioa egin dute, gisa horretan «ikuspegi ezberdinen arteko elkarrizketa aberasgarria» sustatzeko.

Aldo Mendezek — Tolosan— eta Bea Egizabalek — Ordizian— gidatuko dituzte ikastaroak. Mendezek ahozko kontaketako teknikak irakatsiko ditu; Elgezabal ahozkotasunaz ariko da. Lehiaketa ere zabalik dago parte hartu nahi duen ororentzat. Lehen fasean hautatutako hiru kontalariak martxoaren 20an Ordizian egingo den Ahozkotasunaren Gala Nagusian ariko dira, eta han erabakiko da irabazlea nor den; 300 euroko saria eskuratuko du. Ipuin kontalari berrientzako plaza egokia da lehiaketa, Intujai Teatro taldeko May Gorostiagaren iritziz. Aurtengo ekitaldian parte hartuko duten Euskal Herriko kontalarietako batzuk Ahoz Aho jaialdiaren aurreko ekitaldietako lehiaketan parte hartutakoak dira. Aurten hirugarren aldiz antolatu dute lehiaketa.

(gehiago…)

Ahantzitako ahotsen hotsa

http://www.berria.eus/paperekoa/1758/032/001/2015-02-21/ahantzitako_ahotsen_hotsa.htm

‘Bertsolaritzaren sekretuak. Isilduriko emakumeen historia’ estreinatuko dute bihar, Hernanin.

Musika, antzerkia eta bertsoak batuz, emakume bertsolariak gogoratuko dituzte.

Bilintxek bertsoak jarri zizkiolako baino ez dakigu noizbait izan zela. Batera aritzeko gonbita egin ziolako: «Aspaldian, Joxepa, / famatua zeunden, / gu berriz ikusteko/ desiotan geunden; / Hondarrabi aldian / aditzen genduen/ dama bertsolari bat / nola bazeguen, / zeiñak Euskalerrian/parerik etzuen». Hondarribiko Joxepa deiturikoari jarritako sei bertsoetako aurrena da hori. Besterik ez da jakin sortzaile horri buruz, ez bertsorik, ez pasadizorik. Ezta abizenik ere. Gizon batek haren inguruan esandakoa da gaur egunera heldu den bakarra. Eta harekin gertatu den bezala, emakumezko bertsolari makina batekin pasatu da: Joxepa Anttoni Petriarena, Xenpelar; Plazida Otaño; Mikela Elizegi… Ezezegunak dira ia. Horregatik,Bertsolaritzaren sekretuak. Isilduriko emakumeen historiaemanaldiaren bitartez, hamabi emakumezko bertsolari ekarri nahi ditu gogora Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Bihar estreinatuko dute obra, Korrika Kulturalaren barruan, Hernaniko Biteri kultur etxean (Gipuzkoa), 19:00etan. Datozen asteotan, hainbat herritan eskainiko dute ikuskizuna.

Memoria kolektiboaren inguruko hausnarketa da obra; emakumeen presentzia erdigunean jartzen duen antzezlan musikatua. Izan ere, orduko emakume inprobisatzaileen materialik heldu ez izana «ez da kasualitatea», Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Jokin Labaienen ustez. Nerea Elustondo lankidearekin batera, isilpean egondakoa argitara ateratzeko lan egin du azken hilabeteotan, obra gorpuztu arte.

Xenpelarren oroimenari tiraka hasi zen dena. Ez bertsolaritzaren historian letra larriz idatzi izan den Frantzisko Petriarena Xenpelar-en oroimenetik, ez; Joxepa Anttoni Aranberri Petriarena Xenpelar-en oroimenetik baizik. Errenterian (Gipuzkoa) jaio zen, 1835an, eta bertsotan aritu zen gazte-gaztetatik, bai etxean, bai fabrikan eta jostundegian ere. Idatziz ere bai: esaterako, ezaguna da neskazaharren alde Enrike Elizetxeri erantzunez idatzitako sorta. Haren oroitzapena berritu nahi izan zuen Errenteriako Udalak, eta ikerketa egiteko eskatu zion Elixabete Perezi, Deustuko Unibertsitateko irakasleari. Gero, ikerketa hori oinarri, Xenpelarren bizitza azaltzen zuen unitate didaktikoa kaleratu zuen elkarteak, eta emanaldi bat. Oraingoan, antzeko zer edo zer egin nahi izan dute. «Euskal Herri osora zabaldu nahi izan dugu emanaldia».

Baina ez da lan erraza izan. «Nahiko esanguratsua da nola XIX. mendetik hona, gizonezko bertsolarien istorioak heldu diren, eta emakumeenak ez diren iritsi». Hamaika buruhauste sortu dizkie garai bateko dokumentuak aurkitzeak eta aztertzeak. «Bilaketa lan nahiko esker txarrekoa da: istorio batzuk aurkitzea eta ez jakitea zein puntutaraino den egia, beste batzuen inguruan ia informaziorik ez aurkitzea…». Nekeza izan da, baina erdietsi dute xedea. Azkenean, hamabi lagunen pasadizoak arakatu eta taularatuko dituzte. Hondarribiko Joxepaz eta Xenpelarrez gain, ikus-entzuleari beste hamar abeslari aurkeztuko dizkiete: Sabina eta Mikela Elizegi; Joxepa Inazi Azkune; Plazida Otaño; Maria Luixa Erdozio; Mariana Hargain; Mariana Etxegarai, Aña Debrua; Martxelina Lopetegi, eta Joxepa Zubeldia. Emaitza espero baino hobea izan da, gainera: «Konturatu gara XIX. mendean emakumezko bertsolari asko zeudela, bat-batean egiten zuten asko ere, eta oso maila onean».

(gehiago…)

“Gizartea bera da muga gehien ezartzen duena”

http://www.berria.eus/hara/3604/gizartea_bera_da_muga_gehien_ezartzen_duena.htm

Ahizparen kasuaz mintzatuko dira Imaz eta haren ama asteazkenean, Lazkaon, ‘Pertsona naiz, ez transexuala’ hitzaldian. Etxean eta kalean bizi izan duten esperientzia kontatuko dute, eta aniztasuna aldarrikatu.

Lazkaoko Gerriko kultur elkarteak 2004tik antolatzen ditu Berriketan saioak. Aurten, hilaren 11n hasi eta martxoaren 4ra artean izango dira, eta Mugan bizi, mugan sentitu izenburu hartuta egingo dute. Datorren asteazkenean, Maddi Imazek (Beasain, 1993) eta haren ama Marijo Imazek Pertsona naiz, ez transexuala solasaldian parte hartuko dute. Hitzaldia Lazkaoko Gerriko Txokoan izango da, 18:30ean.

Pertsona naiz, ez transexuala izenburu hartuta, hitzaldia emango duzue asteazkenean. Zer dela-eta izenburu hori?

Gutun Sozialetik deitu zidan lagun batek, sexu aniztasunaren gaia landu behar zutela eta nire ahizparen kasua zela eta, han hitz egingo ahal nuen galdetuz. Idatzi bat prestatu nuen bertan irakurtzeko; hori asteazkenean ere irakurriko dut. Idatzi horri bukaera “pertsona naiz eta ez transexuala” esaldiak ematen dio. Zergatik esaldi hori? Transexualak diren pertsonek etiketa hori markatuta eta gainean daramate, baina kontua da bai gay, bai lesbiana izan, aurretik pertsonak direla.

Zuen kasuaz aurrenekoz jardungo duzue jendaurrean. Zergatik erabaki duzue pauso hori ematea?

Lazkaoko kultur etxekoek hitzaldi bat emango genuen galdetu ziguten, eta kontzientzia sortu eta laguntzeko asmoarekin animatu egin gara. Honekin gaiari zabalkuntza eman nahi diogu, eta jendeari aniztasunaren inguruan murgilduta gaudela ohartarazi. Nire ahizpari mugaren bat jarri diona ere, adibidez hau irakurrita, konturatuko da benetan zer egin duen. Gero, bateren batek laguntza beharko balu, emateko prest gaudela azaldu nahi dugu. Hemen gaudela. Ez da bide erraza, eta informazio gutxi dago, eta igual guk bide horretan lagundu dezakegu.

Transgeneroa den ahizpa bat duzu, eta zuon esperientziaz jardungo duzu amarekin batera. Erraza ez zen izango, ezta?

Bai berak eta bai ingurukook mugak topatzen ditugu gaur egungo gizarte honetan. Denoi gustatzen zaigu gure etorkizuna markatuta edukitzea eta bizimodu normal bat aurrera eramatea. Baina ahizpari bizimodua asko mugatu dio: kalean jo egin dute, zakarrak bota dizkiote, listua bota diote, begiradak jasan ditu, komentarioak… Gauza asko egin dio jendeak, eta herri mailan min egiten duten gauza asko jasan behar izan ditu. Bera neska sentitu arren mutil baten gorputzean bilduta jaio zen, eta horrek txikitatik arazoak eragin dizkio: adibidez, gimnasia garaian ez zuen jakiten zein komunetara joan behar zuen. Azkenean, denak mugak dira. Gure amari psikiatrak eta pediatrak beti esan die txikitatik utzi behar zaiola bere nortasuna ateratzen. Baina irakasle batek neska jantzita joategatik ez zion utzi klasera sartzen.

Bera gaizki pasatzen ikusita, ingurukoentzat ere ez da samurra izango?

Ez, oso gogorra da. Nik urte eta erdiko aldea dut ahizparekin, eta ahizpagatik komentarioak iritsi zaizkit kalean. Ez da erraza, baina guretzat samurragoa da. Ahizparentzako mugak eta zailtasunak asko izan dira, eta horrekin bizi behar du bizitza osoan; zaila da.

Horri aurre egiteko zer bide daude?

Irakasle izateko ikasten ari naiz, eta uste dut hezitzaile moduan ikasleak aniztasun baten barruan hezi behar ditugula. Gaur egun umeei ez zaie erakusten bi sexu baino gehiago daudela, genero desberdinak, familia mota desberdinak daudela… Eta uste dut hori txikitatik erakustea oso inportantea dela; gizartea aldatzen oinarrietatik hasten delako. Guk anaia txikiago bat daukagu, 8 urtekoa. Hark ezagutu du ahizparen mutil izatetik neska izaterako aldaketa. Naturaltasunez azaldu eta erakutsi behar da, eta, denek hala hartuz gero, aurre egin daiteke. Hori gure anaiarekin eta haren lagunekin ikusi dugu. Txikitatik azaldu zaie, behar hori dutelako sexuz aldatzen diren pertsonak daudela; haurrek ulertu egiten dute, eta ez diete bestelako garrantzirik ematen. Naturaltasunarekin hartu behar da gai hau, eta txikitatik naturaltasunez aurrera eraman.

Gaizki pasatze horri buelta nola ematen zaio?

Ez zaio ematen. Nik eman diot, baina ahizparen kasuan uste dut inoiz ez zaiola ematen: muga hori ezarrita daukalako, psikologoarekin, psikiatrarekin… segituko du. Mundu guztiak onartu eta denek normaltzat hartuko luketenean gaindituko litzateke muga hori, baina ezinezkoa da gaur-gaurkoz. Berez, normala gizarte honek erakusten diguna eta sistema honek jarri diguna da. Tradizioak aldatzea oso zaila da. Bakoitzak bere aldetik ahal duen guztia egin beharra dauka, eta askotan oso zaila bilakatzen da. Kontzientzia sortu behar da; kontzientzia da balio duena.

Muga horiek arintzeko etxekoen babesa inportantea da, ezta?

Ahizpak alde horretatik izugarrizko zortea izan du; txiki-txikitatik ingurukook hor egon gara berarekin. Hasieran, aitona-amonentzat pixka bat bitxia izan zen, baina segituan onartu eta aurrera egiteko prest azaldu ziren, lagunduz. Nahiz eta gizarteak muga asko jarri, familiak ez onartzeak berak psikologikoki eta psikikoki ere kalte handia eragiten du. Pertsona batek bere nortasuna adierazteko eta garatzeko askatasuna behar du.

Muga hitza askotan aipatu duzu, eta solasaldi zikloa ere Mugan bizi, mugan sentitu da. Zuek hori bizi izan duzuela esan dezakezu?

Bai, noski. Berez muga zure gorputzean daukazu, zuk sentitzen duzun hori ez duzulako. Baina, azkenean, gizartea bera da muga gehien ezartzen duena.

Mende erdi, aldarrikapen berak

http://www.berria.eus/paperekoa/1843/020/001/2015-02-21/mende_erdi_aldarrikapen_berak.hhtm

 

Arraza segregazioaren mehatxuari aurre egitea. Berdintasuna eta diskriminaziorik eza bultzatzea. Errepresioaren aurka irmo agertzea. Gaur-gaurko aldarriak dira. Eskubide zibilen aldeko borroka sutsuan ere oso presente eduki zituen Malcolm X ekintzaileak. Gaur 50 urte hil zuten tiroz. Haren predikuak, ordea, AEBetako afroamerikar komunitatearen oroitzan bizi-bizi gordeak dira oraino.
Zuri-beltzez   tindatutako aldarrikapenak iduri lezakete lehenbiziko begi kolpean. Beste garai batekoak. Antzinako kutsuko premisak: erabateko berdintasuna, errepresioaren kontra tinko altxatzea, arrazen arteko segregazioaren mehatxuari aurre egitea edo diskriminaziorik eza sustatzea. Egungo kezkak dira, alabaina. Eta orain mende erdikoak. Malcolm X aktibista hil eta 50 urtera, izan ere, arnasa hartzeko eskubidea galdegiteari eusten diote AEBetan Afrika beltzeko arbasoak dauzkatenek. Itota sentitzen dira: justifikatu gabeko atxiloketak, miaketak, tratu txar salaketak… Ia etengabeak dira. Afroamerikar ugariren egunerokoaren parte. Eta mende erdi igarota, oraindik mahai gainean segitzen dute antzeko aldarrikapenek.

(gehiago…)

LAS CIFRAS DE LA CRISIS

http://www.naiz.eus/eu/actualidad/noticia/20150204/las-cifras-que-deja-la-crisis

Desde que estalló la crisis en 2008, las cifras relacionadas con la profunda caída experimentada por la economía y sus consecuencias no han cesado. Son números que tienen publicidad en los medios de comunicación en un momento concreto y que posteriormente son solapados por otras cifras. Por ese motivo, 7K ha reunido en las siguientes páginas los guarismos más impactantes con el objetivo de ofrecer una panorámica amplia y directa de la crisis y sus dramáticos efectos sobre la ciudadanía vasca.

Bizitegi kolektiboek beste bizitzeko molde baten bidea zilatu nahi dute

http://www.iparraldekohitza.info/2015/02/12/bizitegi-kolektiboek-beste-bizitzeko-molde-baten-bidea-zilatu-nahi-dute/

Urte hastapenean indarrean sartu den Alur legeak onartzen ditu lehentze bizilagun kooperatibak. Halakorik ez da ezagun mementoan Ipar Euskal Herrian, baina Hemen elkarteak gogoeta hasia du. Irakurri ere «Zahar etxeek ikara ematen digute», Xantal Torreri egin elkarrizketa.

Villeurbanne hirian (Rhone-Alpeak) egin den bizileku partekatu bat. MARINE MORAIN / ARBOR&SENS

Iñaki Etxeleku
Bizitegi partekatu, bizitegi parte hartzaile, bizitegi kolektibo, kooperazio bizitegi. Izen orotarik baliatzen da, guti edo aski xede berdintsua duenaren errateko, hots, jende talde batek elkarrekin pentsatu, eraiki edo antolatu bizitegi multzo bat berendako. Bedera bizitegi izanez, baina eremu eta leku partekatuekin.

Aturri-Kostaldea Hiriguneak abenduan bozkatu zuen diru laguntza bat Terra Arte izeneko bizitegi parte hartzaile proiektuarentzat, kasik 200.000 eurokoa. Denetarat 6,6 milioi euro kostako duen eraikuntza obra da, 46 bizitegiren egiteko (15 T2; 18 T3; 9 T4; 4 T5 izarikoak). Toki partekatuetarako, bilkura gela bat, xitxuketa ateleria eta oihal ikuztegia hautatu dituzte jabe bilakatuko direnek. Halere, bizitegi partekatua deitzen denaz besterik da hau. COL (Etxebizitzarako Langile Batzordea) arranda emaile sozialak baitu bultzatu, Baionako herriko etxearekin eskuz esku. Hiriak frankotan aitzinean ematen duen Seque auzo berrian plantatu du. Auzo ekologiko gisa saltzen duena. 2012an hasi ziren biltzen proiektu eramaileen deiari erantzun zioten balizko biztanleak, zer gisako bizitegiak eta eremuak nahi zituzten pentsatzeko, urratsez urrats, arkitekto baten laguntzarekin bizilekuaren marrazteko. 2015. urte honetan sartu behar lukete beren bizitegian.

Besterik dira, beraz, orain arte bizitegi partekatu gisa zutik eman diren eta bidean diren lagunen arteko etxebizitzak. Afera ez da oraingoa. Badira ikusmolde horren jatorria XIX. mendean kokatzen dutenak, Charles Fourier filosofo frantsesaren Phalanstere famatuen ideiarekin. Bizkitartean, izan da esperientzia orotarik munduan zehar eta Europan berean: 1970eko hamarkadan hazi ziren anitz lekutan lagun talde bizitokiak. Kolektiboak zuen munta orduan, baita ere, 68ko maiatzaren biharamunetan Frantziako Estatuan, «lur eremurat itzultzeak» edo naturarekin berriz harremanetan sartzeak. Belaunaldi bereko lagun talde anitzek entseatu zuten etxe edo funts baten atzematea, elkarrekiko bizi eremu baten antolatzeko. Emaitza eta arrakasta orotarik izan da. Urteekin, bistakoa da bakoitzak bere aparteko bizitegiaren ukaitearen garrantzia denen artean partekatu barne eta eremuez gain.

(gehiago…)