Andre izatea munduan

http://www.berria.eus/paperekoa/1837/007/001/2015-02-17/andre_izatea_munduan.htm

Gizarte mugimenduak ikertzen ari dira Kairon 1994an populazio eta garapenaren inguruan egindako goi bileran ebatzitako lan ildoek zer fruitu eman duten andreen bizi-baldintzetan, eta, bereziki, haien sexu eta ugalketa eskubideetan. Hobetu da; baina asko falta da.
Kairon (Egipto) 1994an Populazioari eta Garapenari buruz egindako goi bilera giltzarri izan zen, konferentzia hartan hartu baitziren lehenbizikoz aintzakotzat sexu eta ugalketa eskubideak, nagusiki emakumeei so. Horregatik, iaz bilera haren hogeigarren urtemugaren harira ateratako datuen inguruan gogoeta egiteko garaia da orain mugimendu feministarentzat eta gobernuz kanpoko erakundeentzat; zer egin den ikusteko, eta zer falta den. Ingurumari horretan, urtarrilean Donostian izan zen Lilian Abracinskas (Montevideo, Uruguai, 1959), Uruguaiko Emakumea eta Osasuna erakundeko zuzendaria, eta Latinoamerikako Segurtasun gabeko Abortuen Aurkako Partzuergoko kidea. Peruko Manuela Ramos mugimenduko ordezkari Maria Elena Reyesekin eta Ana Telleria Gipuzkoako Medicus Mundi elkarteko arduradunarekin batera, Ekuador, Peru eta Euskal Herriko datuekin eginiko txosten bat aurkeztu zuen. Mundua atalka hartuta, ahalik eta informazio xeheena atera nahi baitute: osoena. «Konferentzia handien harira, Kairokoaren edo Pekingoaren heinekoak, saiatzen gara gizarte mugimenduen ikuspegia txertatzen, bertsio ofizialekin alderatzeko», azaldu zuen Abracinskasek. «Gabeziei erreparatu nahi diegu, batez ere».

Gizarte mugimenduek eguneroko esperientziatik nola edaten duten, datu ofizialen atzean —Nazio Batuen Erakundeko Biztanleriaren Funts UNFPAk plazaratu zituen— zer dagoen azaleratzen saiatzen dira: «Zenbaitetan, datuek ematen dituzten batez bestekoei so, egoera ez da hain txarra; baina, gero, andreen errealitateari begiratuta, gogorragoa da dena». Ildo horretan, emakumeen arteko elkarlana sustatu behar dela dio: «Sare egituratuetan pentsatu behar dugu, sinergietan. Munduko herrialde batzuetan andreen egoera hobea da; beste batzuetan, ikaragarria. Guri egoera guztiak inporta zaizkigu». UNFPAren datuak argiak dira: eskasia eta baliabide faltak, oro har, kaskartu egiten ditu populazioaren bizi-baldintzak, eta, bide batez, emakumeenak. «Afrikan, Asiako hego-ekialdean, Erdialdeko Amerikan, Kariben… Hor da, oro har, egoerarik okerrena. Baina aintzat hartu behar da usu herrialdeen barruan ere aldaketa handiak direla». Eta bada herrialde pobre eta aberatsetan, gizarte oro berdintzen dituen zauri bat: «Andreen kontrako indarkeria; ez da bereizkeriarik, denoi erasaten digu».

Sexu eta ugalketa eskubideen inguruan oraindik ere oso gutxi hitz egin dela uste du Abracinskasek; lan itzela dagoela egiteko. «Izan ere, eskubide horiexen inguruan ditugu zailtasunik handienak emakumeok. Botere guztiek hartzen dute gure gorputza beren jabegotzat; hortxe dago oraindik eztabaida handia egiteko, erakusten baitu emakumeak ez direla aintzat hartzen zuzenbideko subjektu edo izaki autonomo moduan». Eskubide horien egoerari erreparatzeak herrialdeen «demokrazia» maila erakusten duela argi du. Benetakoa.

Informazio osagarria

GDP and GDP per capita of European cities

http://beha.eus/eu/infografiak/434

This is from the ESPON Atlas, Mapping European Territorial Structure and Dynamics, where you may find many other interesting maps and figures (via Brilliant Maps). – See more at: http://urbandemographics.blogspot.co.uk/2015/02/gdp-and-gdp-per-capita-o…