Emakumea emakume dela azpimarratzen du etengabe Wikipediak

http://www.argia.eus/albistea/emakumea-emakume-dela-azpimarratzen-du-wikipediak

Historiako 100.000 emakumezko eta gizonezko ezagun aukeratu dira ikerketarako. (Argazkia: Wikipedia).

Wikipedian emakume ezagunen artikuluei erreparatuz gero, horien emakume izaeraren inguruko erreferentziak nabariak dira, gizonezkoen kasuetan ez bezala. Entziklopedia askean emakumezkoen presentzia ongi ordezkatuta dagoen neurtu du Zuricheko Teknologia Institutu Federaleko ikertzaile talde batek.

Aztertutako edizioetan (errusiera, ingelesa, alemana, gaztelania, italiera eta frantsesa), emakumezkoen artikuluetako hitzen %30ak erreferentziaren bat egiten dio bere femeninitateari. Gizonezkoenetan, aldiz, hitzen %0 eta %3 artekoa da maskulinitatea azpimarratzen duten hitzen kopurua.

Ikertzaileek bereziki erreparatu diete artikuluko protagonistaren generoaren inguruko aztarnak uzten dituzten hitzei (gizon, emakume, jaun, andre…), harreman pertsonalei buruzkoei (emaztea, dibortziatua…) eta familiarekin lotutakoei (ama, izeba, aitona…). 150 hitz aukeratu zituzten generoa definitzeko.

Goiko lerroan, ikertutako sei edizioetan maskulinitateari erreferentzia egiten dioten hitzen proportzioa. Behean, femeninitatea azpimarratzen duten hitzen kopurua. (Grafikoa: Claudia Wagner).

Artikuluen edizioan ere, genero desberdintasuna

Wikipediako artikuluren bat gutxienez hamar aldiz aldatu duten 300.000 editoreetatik, %9 eta %15 artean ziren emakumeak El Paisek nabarmendu duenez. Genero desberdintasun honek entziklopediako edukietan eragina izan zezakeela ikusita, ikerketa hau hasi zuten hainbat ikertzailek. Entziklopedia askeko artikuluetan emakumezkoen presentzia ikertu dute, ordea, behatze prozesua edizioan zentratu beharrean.

Konparazio horretarako historiako 100.000 emakumezko eta gizonezko ezagun aukeratu zituzten. Artikuluen luzerari erreparatzean ikusi dute, nagusiki, emakumeen inguruko sarrerak luzeagoak direla.

Bost axola Amazoniako indigenak: Repsolek gasa ateratzeko proiektu erraldoia dauka

http://www.argia.eus/albistea/repsolen-ustiaketa-peruko-indigenen-aurka

Urubamba ibaia ere Camisea proiektuaren kalteak jasaten ari da. (Argazkia: Phil Whitehouse).

Peruko energia proiektu handiena eta polemikoena Repsol petrolio eta gas konpainia espainiarraren eskuetan dago.

“Camisea” izeneko gas naturala lortzeko proiektu hau Amazonia erdi-erdian dago, izen bereko eskualdean. Bertako aberastasun biologikoarengatik, mundu mailako kontserbaziorako 25 puntu kritikoetako bat da Camisea eta bertako indigenak ere egoera kritikoan daude.

Camisea proiektuak oihanaren erdiko gas naturala erauztean datza. Horretarako erabiltzen dituzten azpiegitura guztiak indigenen gainetik daude eta beraien ingurune natural eta soziala zapaltzen dute etengabe, salatzen dutenez.

Jackeline Binari bertako kontseiluko ordezkariak New Internationalisti adierazi dionez, aldaketa “latzak” ekarri ditu proiektu honek indigenen bizimodura. “Indigenen dietan eta elikaduran eragin handia izan du Camiseak eta ondorioz, handitu egin dira haur-desnutrizioa, indarkeria eta alkoholaren kontsumoa”.

1980ko hamarkadan Shell petrolio konpainia iritsi zen inguru horietara. Langileek zonaldera eramandako gaixotasunen ondorioz hil egin ziren Nahua talde indigenetako kideen erdiak.

Kalte ugari eragiten ari da proiektua, hala nola, ur iturrien kutsadura, arrain populazioaren jaitsiera, deforestazioa eta ekosistemen zatiketa. Horrek, ondorio larriak ditu lekuko biztanleen ehiza eta arrantza gaitasunean, gahinbeheran jartzen dituelako beraien elikadura-burujabetza eta autonomia.

Jatorrizko herrien hizkuntzen berreskurapena

http://www.argia.eus/multimedia/bideoa/jatorrizko-herrien-hizkuntzen-berreskurapena

Amerikako jatorrizko herriak pentsamoldea eta mundu-ikuskera berreskuratzen ari dira hizkuntzaren bitartez.

Egilea: Mugarik Gabe

Data: 2015-02-10