Zakila eta alua ez dira tabuak Suediako haurren sexu heziketan

http://www.argia.eus/albistea/zakila-eta-alua-ez-dira-tabuak-suediako-haurren-sexu-heziketan

Gure gorputza hobeto ezagutzeko, 3 eta 6 urte arteko umeei zuzendutako saioa du Suediako telebista publikoak. Kapituluetako bat sexu-organoei eskaini diete eta marrazki bizidunetako alu eta zakilekin bideo dibertigarria egin dute umeentzat, sarean arrakastatsu zabaldu dena.

“Hemen dator zakila, azkar asko”, “bagina aparta da”, “zakila eta bagina, ze bikote ederra” gisako esaldiek osatzen dute bideoaren kantua.

Gurasoren bati gaizki iruditu zaion arren, eta genero estereotipoak indartzea kritikatu badiote ere (hala nola aluaren betile luzeengatik) oro har harrera ona izan du bideoak, sexu-organoez umeei modu naturalean hitz egiten diela iritzita.

11 urteetatik lantzen dute ikastetxeetan

Marrazki bizidunek Interneten sortutako ikusminetik harago, sexu heziketak leku garrantzitsua du gizarte suediarrean. Ikastetxeetan derrigorrezko ikasgaia da 1956. urtetik, 11 urterekin (lehenago ez bada) hasten dira lantzen eskolan eta institutura arte ematen dute. Sexu heziketa hainbat ikasgaitan dute txertatuta, ez soilik biologiari edo osasunari lotuta.

Gurean aldiz, sexu heziketa oso mugatua da ikastetxeetan, Eskoletan ilunpean dagoen ikasgaia erreportajean ikusi genuenez.

Ordu kopurua mugatua da, legez ez da bultzatzen, eta edukiak gaixotasunen eta tratu txarren prebentzioan oinarritzen dira. “Ondorioz, sexuaren inguruko mezu ezkorra helarazten zaie haur eta gazteei: arriskutua dela, kontuz ibiltzeko…”, kexu da Olatz Berastegi sexologoa.

Leave a Comment