PlaZ! hautagaitza: “%0,1 berdintasunerako eta %15 mugikortasunerako?”

http://www.argia.eus/albistea/plaz-hautagaitza-berria-donostian-01-berdintasunerako-eta-15-mugikortasunerako

PlaZ! taldeak hautagaitza feminista Donostian aurkeztu zueneko agerraldia. Argazkia: Juan Carlos Ruiz /Argazki Press

PlaZ! hautagaitza feminista sortu berri da Donostian. Udalean zinegotzi kargua edo berdintasun teknikaria jarrita soilik feminismoaren ikuspegiak ezin direla behar bezala garatu argi dute hautagaiek. Udal bizitzan, gizakien bizitza erdigunean jarri behar dela aldarrikatzen dute.

Bestelako elkarteekin elkarlanean

Feminismoaren ikuspegi diferenteekin egin nahi dute bat PlaZ!eko kideek eta gizartean lanean ari diren bestelako elkarteekin ere bai, hala nola, Kaleratzeak Stop, etorkin taldeak, bestelako behartsuak eta dibertsitate funtzionala duten taldeak. Josebe Iturriozen ustez, taldeok lehentasunak aldatzeaz ari dira hizketan, eta pertsonak erdigunean jartzeaz: “Guk urte asko daramatzagu hori esaten. Uste dugu talde horiek ideia feminista asko hartu dituztela nahiz eta ez diren hala balira bezala ageri”.

“Gatazkaz” gaindiko bestelako bortizkeriak

Iturriozek bortizkeria matxistaz honako gogoeta egin zuen hautagaitza feminista aurkeztu zuten egunean: “Bake prozesuan gaudela entzuteaz nazkatuta gaude, eta bortizkeriaz hitz egiten denean “gatazkaz” soilik aritzeaz. Guk, emakumeak, lesbianak, transexualak, etorkinak, dibertsitate funtzionala dutenak, maritxuak, txiroak, gizarte zeharo bortitzean bizi gara”.

Berdintasun politikak Donostian

Ana Txurruka eta Agurtza Zuberoren iritziz, “berdintasun politikak inoiz ez dira inorentzat lehentasuna izan, ez gobernuek ez oposizioek ez dute lan sakonik egin Donostia ikuspegi feministatik hobetzeko. Inork ez du sinetsi feminismoak gobernu proposamen osatua egin dezakeenik”.

Aurrekontuak

Txurrukaren ustez, aurrekontuak begiratuta antzeman liteke udalak indarrak non jartzen dituen. Berdintasun politiketarako aurrekontuaren %0,1 erabiltzen da; mugikortasunerako %15, udaltzaingorako %6,4; eta hirigintzarako %5,8. Txurrukaren hitzetan, “aurrekontuaren %0,1 biztanleriaren %50arentzat”.

Plazandreok

PlaZ! plataforma Plazandreok hautagaitza politikoaren oinordekoa da. 1995ean aurkeztu zen Donostiako Udaleko hauteskundeetara.

 

Leave a Comment

*