Natibo digitalak? Gazteak ez behintzat

http://www.argia.eus/blogak/koldo-diaz/2015/01/19/natibo-digitalak-gazteak-ez-behintzat/

Metafora:

Bi osagairen artean dagoen antzekotasunean oinarriturik,

errealitate bat beste baten izenarekin ordezkatzen duen prozedura literarioa (Euskaltzaindia).

 

Metaforen bidez mundua ulertu eta azaltzeko aukera dugu. Errealitate konplexu baten ulermenera hurbilagoa zaigun beste errealitate baten bidez heldu gaitezke. Bidea argitzeko gaitasuna dute metaforek baina zenbaitetan helmuga desegokia dute. Batzuetan, metafora argi bat erabiltzeak epaitegietara eraman ahal zaitu, Hasier Arraizen kasuan bezala. Beste batzuetan, ordea, ikerketa-objektua ez ulertzera eraman ahal zaitu, natibo digitalak metaforaren kasuan bezala.

Natibo digitalak  teknologia digitalekin hazi diren gazteak eta Imigrante digitalak IKTen garapena ikusi duten helduak identifikatzeko erabiltzen diren metaforak dira. Hitzek duten garrantzia ikusita, termino hauen inguruko hausnarketa beharrezkoa dugu. Izan ere, izen hauetatik abiatuz gazteak IKTak arazo gabe erabiltzen dituzten pertsonak bezala ulertzen ditugu eta, era berean, helduak IKTekin traketsak diren erabiltze gisa identifikatzen ditugu.

Natiboak, ordea, ez al dira aurretiaz lur horretan zeuden pertsonak? AEBtako kasuan argi ikus dezakegu natiboak eta imigranteak nortzuk diren. Metafora hau aro digitalera ekarriaz, beraz, natibo digitalak aurretiaz lur horretan zeuden pertsonak izango lirateke, urteetan zehar IKTek izan duten garapena ikusi duten pertsonak: disketetik, CDra eta CDtik USBra igaro eta Interneten erabilera masiboa zein honen lehen urratsak bizi izan dituzten helduak, hain zuzen ere. Orduan, eta gazteok zer? Gazteok ez gara imigrante digitalak, ez baikara inora joan. Gure aurrekoek sortu eta moldeatu duten IKT jakin batzuekin jaio izan gara eta, noski, denok ez gara hain teknologi berrien zaleak ez eta hain trebeak…

…Hona errealitatea ez dagokion beste errealitate batekin ordezkatzearen beste adibide bat: teknologia berriak. Berria. Berria batzuentzat eta zaharra beste batzuentzat, baina nolanahi ere, “teknologia berriak” kontzeptua erabiltzen dugu. Ba, badakizue zein izan zen teknologia berria? Sua. “Hura asmakizuna Homo Habilisena”!

100 urte barru gaur teknologia berria dena erabat zaharkituta egongo da eta, beraz, abizen honen bidez historiako edozein teknologia azaldu dezakegunez, ez da teknologia berezi hau azaltzeko izendapen egokia. Nondik edota zein posiziotik hitz egiten dugun eta izana irudikatzeko erabiltzen dugun izena kuestionatu beharra dugu. Kasu honetan, belaunaldi baten handinahikeria agerikoa da mundua gurekin hasi dela pentsatuaz eta lur teknologiko honetan gauden lehenengoak garela itauntzean. Konplexutasuna errazagoa den errealitate baten bidez azalduz, “errealitatea” ez den beste errealitate bat sortu dugu; ea orain zein errealitateren bidez azaltzen dugun egungo egoera…

LGBT komunitateari zuzendutako ikastetxea Erresuma Batuan?

http://www.argia.eus/albistea/lgbt-komunitateari-zuzendutako-ikastetxea-erresuma-batuan

New Yorkeko Harvey Milk ikastetxea da LGBT komunitateari zuzendutako lehenengoa. (Arg: Fdzeta)

Manchesterren (Erresuma Batua) ikasle lesbiana, gay, bisexual eta transgeneroentzako lehenengo ikastetxe publikoa zabal dezakete datozen hiru urteetan.

LGBT Youth Northwest ongintzako erakundeak iragarri du proiektua. Hala ere, momentuz “plan bat” bakarrik dela azpimarratu dute, eta LGBT komunitateko kideen artean kontsulta prozesu bat hasi dute erabakia zehaztu ahal izateko, El Paísen arabera

Egitea erabakiko balitz, eskola hori “zentro alternatibo” bat izango litzatekeela esan du Sally Carrek, erakundeko zuzendariak. “40 ikasle hartuko genituzke, genero eta sexualitate mota guztietakoak. Homofobiarik gabeko gunea izango litzateke”.

Babesa ala isolamendua?

LGBT ikasleek jasaten duten bullyinga saihestea izango da eskola espezializatuaren helburua. Inkestek diotenez, jazarpena pairatzen duten ikasleen %41ek bere buruaz beste egitea pentsatu dute edo saiatu egin dira.

Hala ere, ikastetxe berezietan sailkatzeak kolektibo hori gizartetik isolatzea ekar dezake, eta ez luke balioko gainerakoen homofobia sendatzeko. Amelia Lee, LGBT Youth Northwest erakundeko arduradunetako bat kontziente da horretaz. “Ez da gure asmoa mundutik aldendutako inguru seguru bat sortzea. Baina gure hezkuntza sistemak ez ditu asetzen barne-gatazkak dituzten gazteen beharrak”.

Bi aukera ikusten ditu Leek: “Eskola guztiak inklusiboak izan arte itxaron dezakegu, edo onartu dezakegu oraindik ez garela horraino iritsi, eta ikastetxe espezializatuak behar ditugula momentuz”.